XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lactarius acris (Bolt.: Fr.) S.F. Gray

Fran.: Lactaire ampacirc;cre.

Espezie arrunta da gure Herrian.

Neurriz txikia edo ertaina izan ohi da, eta txapelak 6-8 cm-ko diametroa izan dezake.

Uda-udazken aldean ateratzen da, bai silizezko lurraldeetan bai karezkoetan, eta hostozabalen azpian.

Txapela hasieran ganbila izan ohi du, gero laua eta azkenik erdialdean sartua nahiz eta noizean behin dititxo bat duen;

ertza ondulatua eta biribilkatua ale berrietan, eta zuzena eta han-hemenka ildotua ertzean bertan.

Azal likatsua eguraldi euritsuetan, lausoduna lehorrean, kolore marfil-zuria edo kafesnearena.

Orri hertsiak, ezberdinak, tarteko orrixka ugari, itsatsiak eta dekurrenteak: kolorea, berriz, krema-okre ahula, baina arrosa kolorea hartzen dute erabiltzen dituzten edo urratuak dituzten aldeetan.

Hanka 5-8 x 1-2 cm-koa, zilindrikoa, oin aldean estutua, betea, gero leizetsua, lehorra, lausoduna eta zimurduna;

hasieran zurixka, baina ebakita 20 segundo baino lehen, esneak bustitzen duenean, lila-arrosa kolorekoa, gero pixkana arrosa kolorea galtzen badu ere, eta okel-krema hartzen.

Esne ugari, zuria, aireak aldatu egiten du eta minutu bat baino lehenago koral-arrosa kolorea hartzen du; zaporea oso mingarra eta mingotsa.

Esporak globo antzekoak, zuriak; apaindurak erdi saretua eta amiloidea

Garrantzi praktikoa: Ez da jangarria, zapore guztiz mingarra duelako.

Fuliginosi sekziokoa da; sekzio honetako espeziei aireak mamia eta esnea gorritu egiten dizkie.

Horien guztien artean kolorerik ahulena Lactarius acris-ek du, eta esne zuria minutu bat baino lehen gorritzen zaion bakarra da, bai mamian, bai beste edozein tokitan.